lunes, 8 de julio de 2013

El pre-campeonato

Monday, 8 July 2013

Australia, first part over

Bi aste pasatxo igaro dira iritsi nintzenetik, oso azkar igaro ere. Momentu zoragarriak eta momentu ez hain onak izan ditut, baina onekin geratuko naiz, aurrerantzean gehien gogoratuko ditudanak.

Hainbat hondartza desberdin oso eskura izatea luxu bat izan da, bai oinez edota bizikletaz bisitatzekoak, baldintza desberdinetan non surfeatu aukeratzeko moduan.

Negua den hilabete hauetan egunak motzak izaten ari dira, eta eguzkiak baxu eta indartsu egiten du ekialdetik mendebalderako bidea, berez ipar-ekitik ateratzen da eta ipar-mendebaldetik sartu. Tenperatura epelak, bai giroan baita itsasoko uretan ere, 20-22 inguru batean eta 18 bestean.

Herrialde zoragarrian bizi dira hemengo Australiarrak, bizitza naturala oso eskura dute, lurralde zabalak, bakoitzak bere etxetxoa eta belardi zati bat izateko haina, eta hondartza kilometrikoak, pilaketarik gabekoak. Olatuak eta zoriontasuna denentzat dago hemen soberan. Nabaritzen zaie ondo bizi direla, aurpegi txarrik ere ez dut ikusi aldamenean tokatu zaizkidan surflarietan. Hare gehiago, oso lagunkor eta hizlari suertatu zaizkit. Eta bromazaleak. Dendetan ere oso atseginak eta orokorrean alai.

Bidaia luzea izanik, nekea pilatzen joan zitzaidan gorputz osoan. Hala ere, aireportutik ostatu bidera autobusez nindoala, paisai zirraragarriak begiak inoiz baino handiago eta irekiago izatera eraman ninduen, kafeak edota redbullak baino efektu hobea izanik. Etxera iritsi eta 8+10 ordu egin nituen lo, tartean afaltzekoa eman zidatelarik. Halako loaldia egin arren, hurrengo egunean ez nuen piragua hartu eta surfeatzera joateko indarrik aurkitu. Horixe izango da jetlag-a.

Lehen sesioaren egunean, piragua desembalatu nuen eguzkiak egunon esaten zidan bitartean, txori espezie arrotzek kantatzen zuten bitartean eta zuhaitz eta landare ezezagunen lurruna arnasten nuen bitartean. Haizerik gabeko eguna, olatu glassy-ak eta eguzki ederra. Zer gehiago behar du batek? Nik badakit.

Egunerokotasunean horixe nuen helburu, eta horixek ematen zizkidan ohetik altxa eta egunari ekiteko indar eta gogoak. Ondoren, dohako ostatuaren truke egin beharreko lanari ekiten nion, etxea garbi mantendu eta piszinaz eta belardiaz arduratu, tarteko ordu libreetan inguruak esploratzeko aukera nuelarik. 17 egun hauen ondoren, Donostian dudan konfidantza eta erraztasun berberaz mugitzen naiz inguru hauetatik. Nora joan nahi duzu? Nik erakutsiko dizut.

Beraz, amaitu zait Australian igaroko dudan denboralditxoaren lehen zatia, eta irrikitan nago taldekideekin elkartzeko. Badakit pozez gogoratuko ditudala egun hauek, baina break honen ondoren txapelketan pentsatzeko ordua iritsi da, nostalgiak aurreragorako utziko ditut.

Ea aurtengoan ere Euskal Selekzioa gorenera daramagun, eta munduari erakutsi zerbait bagarela, eta gehiago izatea merezi dugula!

Hurrengora arte.

Gora Euskal Selekzioa!

Xabi Olano, Buddina-n, 2013ko uztailaren 8an.

No hay comentarios:

Publicar un comentario